XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inplikazio jakina zuen horrek, bistan denez: euskal-amerikar komunitateak emakumezkoa falta zuen familia-bizitza eraikitzeko.

Urteak joan arau gainditu zen eragozpen hori, ordea, euskaldun emakumezkoa ere iritsi baitzen EEBBetara;

ugaltzen ari ziren euskal jatetxe eta ostatuetan neskame zein garbitasun lanak burutzera etorri ziren emakumezkoak.

Berorietan ezagutu zuten elkar eta ezkondu ziren euskaldunak.

Zenbait inmigrantek etorkizuna moldatu ere zuen EEBBetan eta atzera Herri Zaharrera itzuli zen, edo nor edo nor bidali izan zuen hara emaztegai bila.

Zernahi modutara, eta emeki-emeki, euskal-amerikar familia hazi zen.

Haatik, komunitate txiki izaten iraun zuen eta azalean besterik ez zen errotu estatubatuar gizartean.

Beste inplikazio bat da ezkutuago baina ez irrealago, euskal-amerikar komunitateak ez zuela buruzagitzarik izan;

beste zenbait inmigrante taldetan, aldiz, arin azaldu zen hori.

Euskaldun gehienek nekazari-jatorria zuten Herri Zaharrean eta ikasi ere, aldi laburrez besterik ez zuten ikasi herri-eskolan.

Hortaz, ohiko euskal inmigranteari ez zebilkion buruan inmigraziokideetan iritzi bateratua eratzea edo taldearen batasuna eraikitzea.

Hogei urte inguruko gazteak izanik gehienak, inmigrante gutxik ukatu ahal zuen ezkontzak nahiz adinak eman ohi duen bizitza-eskarmentua zein autoritate morala.

Lehenengo euskal-amerikarrek, bestalde, luzaro etsi zuten beren artean profesionalik eduki gabe: kazetariak, apaizak, irakasleak, sendagileak, abokatuak, politikariak... alegia, iritzi-sortzaileak.

Horiekin, ekimena eta etorkizunerako ikuspegia bereganatuko zuketen euskal-amerikarrek beharbada, eta argitalpenak, borondate oneko elkarteak, erlijio-taldeak, finantza-erakundeak eta abar kudeatuko zituzketen;

alegia, EEBBetan diren inmigrante-taldeen bizimodu etnikoa definitu zuten ezaugarri berak izango zituzketen.

Jatorri berekoei dagokienez, ostera, euskaldunen diasporak ez zuen etsi ezaugarri horiek gabe;

alegia, izan zituen bere baitan era horretako familia eta profesionalak.

Are, XIX. mendean bertan, maila oneko familiek zein profesional zailduek Euskal Herritik aldegitea erabaki zutenean (...)